GAUR ADOSTASUNA, BIHAR ERABAKIA

aenvGizalegeak eskatzen duenez, hasteko eskerrak eman nahi dizkizuet Varenneko unibertsitate institutuari eta Autonomia Eraikitzen elkarteari, foro honetako ondorioak plazaratzeko aukera eskaintzeagatik, eta bide batez, zoriondu horrelako ekimenak behar-beharrezkoak baititugu Euskal Herrian.
Plazer handia da niretzat bertan parte hartzea, bi arrazoiengatik:
Lehena pertsonala, izan ere, gure amatxi Matilde Goienetxe, Garruzen sortua zen eta ziur naiz gure etxekoak – dauden tokian daudela ere – harro eta zoriontsu egongo direla hemen ELKARREKIN egiten ari garen hausnarketa ariketa hau ikusita.
Eta bigarren arrazoia, berriz, profesionala da, legelari izanik, ohorea baita niretzat hemen egotea, eta arduraz hartzen dut eman didazuen eginkizuna. Luze gabe, has gaitezen ondorioekin.
I.- ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN BALIO DEMOKRATIKOA.
XXI. mendean burujabetza desberdinen arteko gatazkak bide demokratikoen bidez bideratu behar dira eta herriok eskura dugun tresna nagusia erabakitzeko eskubidea da. Erabakitzeko eskubide horrek badu nazioarteko zuzenbidean oinarri sendoa, izan ere, herriei aitortzen zaien autodeterminatzeko eskubidearen kudeaketa edota egikaritza demokratikorako tresna da.
II.- GIZA ESKUBIDEEKIN ETA DEMOKRAZIAREKIN ZUZEN-ZUZENEAN LOTUTA DAGOEN AFERA BATEN AURREAN GAUDE.
Erabakitzeko eskubidea gizakiaren duintasunari estuki lotuta dago eta horrenbestez, GIZA ESKUBIDEEKIN; zehazki esanda, askatasunarekin eta gizarteko gai publikoetan parte hartzeko eskubidearekin. Bi kontzeptu horiek gizarte demokratikoaren oinarri dira eta horrela aitortuta dago nazioarteko erakunde eta auzitegietan. Legelari izan gabe ere, edozeinek baitaki bizitzan NORMALENA ERABAKITZEA dela, eta libre erabaki ahal izateko baldintzak bermatzea Estatu demokratikoen ardura eta eginkizuna dela.
Horrela bada, Erabakitzeko Eskubidea DEMOKRAZIAREN adierazpen argia eta zuzena da, eta tresna horrek bide ematen du lurralde gatazkak – mendetan gerra eta bortxaz bideratu ohi zirenak eta oraindik ere tamalez horrelakoak gertatzen direnak – bide baketsuen eta demokratikoen bitartez bideratzeko. Demokraziaren baldintzetan egikaritu behar den eskubide bat da, eta horrek lotzen ditu auzian parte diren alde guztiak.

III.- BURUJABETZA EGIKARI NAHI DUTEN HERRIEK KONPROMISO ERABATEKOA HARTU DUTE DEMOKRAZIA ETA BIDE BAKETSUEKIN.
Quebec-ko herriak hasitako xendratik, Eskoziako eta Kataluniako herriek beren askatasun gosea baldintza demokratikoetan gauzatzeko konpromiso erabatekoa hartu dute eta konpromiso horri esker, prozesuaren kudeaketak herritarren begietara zilegitasuna lortzen du.
Erabakitzeko eskubideak zailtasunak, trabak eta oztopoak ekar litzake herriaren askatasun gogoari, baina horiei guztiei elkarrizketaren bidez eta bide guztiz baketsuak erabiliz aurre egiteko prest azaltzen dira, herri horien indarra beren barne adostasunean jarriz dagoela sinetsita, bestela esanda, beren zilegitasun demokratikoan.
IV.-ERABAKITZEKO ESKUBIDEAN OINARRITUTAKO PROZESU BURUJABEAK ZILEGITASUN DEMOKRATIKOAN OINARRITUTA DAUDE. Eskoziako eta Kataluniako prozesuetatik ateratzen dugun lehen irakaspen garrantzitsua da erabakitzeko eskubidean oinarritzen diren prozesuen ibilbide-orria herritarren borondatean oinarrituta dagoela. Horrela bada, unean uneko herrien borondatea irudikatzea ezinbestekoa izango da prozesuaren ibilbidean zehar. Herri borondate hori irudikatzeko tresnek garrantzi berezia izango dute prozesu hauetan, bereziki Estatuaren jarrera ukatzailea denean.
V.- BORONDATEAK EHUNDUZ, ADOSTASUNAK ERAIKITZEKO GARRANTZIA.
Bai Eskoziako prozesuan, bai Kataluniakoan beren herrietan jositako borondatea izan da prozesuaren bultzatzailea, hau da, ekimena Eskoziako eta Kataluniako herriena izan da; Estatuek ez dute parte hartu prozesuaren hasierako bultzadan.
Eskozian adostasuna, Katalunian ez bezala, Eskoziako ordezkari guztien artean lortu zen independentziari buruzko herri galdeketa bat egiteko eta, gainera, Estatuarekin ere herri galdeketa egiteko baldintzak adostu ziren.
Horrek herritarrei eskaini zien erabakitzeko ariketa normaltasun osoz egiteko aukera eta emaitzari berme demokratiko guztiak eman zizkion.
Eragile guztiek jarrera demokratiko heldua erakutsi dute eta horri esker Erresuma Batuko demokraziaren sistema sendotuta atera da erabakitzeko ariketa eta gero. Emaitzari ere zilegitasun demokratiko osoa onartu zaio, ezbairik gabe, bai Eskozian, bai Erresuma Batuan eta baita nazioartean ere.
Erresuma Batuak legaltasun printzipioaren eskakizunak printzipio demokratikoaren mende jarri zituen eta ariketa demokratikoa bideratzeko beharrezko ziren akordio eta interpretazio guztiak egin zituen. Estatua herritar guztien giza eskubideen bermatzaile gisa azaldu da, edozein zela bozkatzera deitutako herritarren aukera.
Eskoziak zabaldutako bidea, hau da, erabakitzeko eskubidearen prozesu adostuarena, hortaz, aurrekari garrantzitsu bat da bere burujabetza gauzatu nahi duten herrientzat XXI. mendeko sistema demokratikoetan, alde bientzako eskubide eta betebeharrak ezarriz, baina aldebakarreko jarrera oztopatzaileak eragotziz, modu berean.
Eskoziako ereduan ekimena erabat instituzionala izan da eta alderdi politikoen esku egon da erabat.
Katalunian, berriz, prozesua arrunt desberdina izaten ari da. Prozesuaren ekimena bi eragile nagusien esku dago: alderdi politikoak eta erakunde publikoak batetik; eta herritarrak bestetik.
Zilegitasun demokratikoa Katalunian, Estatuak orain arte arazoa ez ikusteko eta ez bideratzeko duen jarreragatik, modu konplexuago batean adierazten ari da. Nagusiki, bi izaten ari dira erabiltzen ari diren bideak.
c) Lehena, herritarren borondate zuzena adierazteko tresnak, hala nola, elkarte zibiletan egituratuz eta aktibatuz eta herri mobilizazio erraldoiak antolatuz, bestela esanda, herritarrak ahaldunduz eta prozesua bultzatzeko ekimena zuzenean bere esku hartuz.
d) Eta, bigarrena, herritarren ordezkari diren alderdi politikoak Kataluniako herri erakundeetan lortzen dabiltzan adostasunen bitartez. Adostasun horiek erabakiak bihurtzen dituzte Kataluniako Parlamentan eta horiek, era berean, mandatu demokratiko zuzenak dira Artur Mas lehendakariarentzat. Ikusteko dago, Kataluniako prozesua Eskoziako eredu adostutik bideratuko ote den, ala berrikuntzak ekarriko dituen prozesuaren kudeaketari dagokionez, aldebakarreko osagaiak sartuz, beren berezko zilegitasuna oinarri hartuta.
Azpimarragarria iruditzen zait herritarren eta ordezkari politikoen artean lortzen dabiltzan oreka, ekimena katramilatu ez dadin eta aurrera egin dezan.
Bi bide, beraz, herrien burujabetzaren aldeko borondate demokratiko bat kudeatzeko eta ziurrenik Euskal Herriak ere bere burujabetza kudeatzeko bidea zedarritzeari ekingo balio, hainbat berrikuntza, egokitzapen eta ekarpen egingo lizkioke erabakitzeko eskubidearen gauzatze prozesuari. Sar gaitezen, luza gabe, Euskal Herritik egin ditzakegun gogoetetan.
VI.- ETA EUSKAL HERRIAN, ZER?
1.- Aldarrikapenetik erabakitzeko prozesura. Euskal Herrian hainbat alditan egin da gure herriak duen erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena. Erabakitze eskubide hori gauzatzeko eredu bat ere formulatuta dago 2004ko ‘Euskadiko Estatutu Politikoaren’ testuan (13. Art), ‘Ibarretxe Estatutua’ gisa ezagunagoa den horretan. Udalbiltzaren baitan ere adostu dira erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak.
Beraz, aurrera egin nahi bada, aldarrikapenetik gauzatzera eramango gaituen prozesuaren urratsak zehazten hasi eta ibilbide-orria eraiki behar dugu. NOLA egin da kontua, ezta?

2.- Erabakitzeko eskubidearen bidetik aukera berriak. Eskozia eta Kataluniako prozesuetan bezala, Euskal Herriko burujabetza prozesuari ere, XXI. mende honetan, ate berri bat zabaldu zaio erabakitzeko eskubidearen eskutik.
3.- Legaltasun printzipioaren irakurketa demokratikoa: Eskoziatik, edo hobeto esanda, Erresuma Batutik datorkigun irakaspena da Legea ezin daitekeela demokraziaren garapenerako harresia bihurtu, aldiz, bere zeregina demokraziaren ariketa hori bermatzea dela.
Legeak, bestalde, Katalunian ikusten ari garenez, herri burujabe baten zilegitasuna eraikitzeko eta babesteko balio du eta oso tresna baliotsua da gainera unean uneko Adostasuna irudikatzeko eta prozesu osoari zilegitasun demokratikoa emateko.
4.- Herritarron garaia da. Nolanahi ere, ez dezagun iparra galdu. Bizi dugun uneko protagonistak ez gara legelariak, aurrerago gure zeregina ezinbestekoa izango bada ere. Herritarrak eta euren ordezkari politikoak dira benetako protagonistak gaur egun.
Horren adibide dira Euskal Herrian aplikagarri diren hainbat legetan badirela tresna juridikoak erakunde publikoen arteko lankidetza harremanak sortzeko (Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean; Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriaren artean …), eta hala eta guztiz ere, azken 40 urtetan ez da gauzatu lankidetza esparru eraginkorrik, salbuespenak salbuespen; eta gehiago esango nuke, azken urteotan harremanak ahuldu eta urrundu egin dira euskal herritarron artean, ostegunean BERRIAn, Eneko Bidegainek idatzitako iritzi-artikuluan salatzen zuenez.
Elkarrekin bizi nahi badugu, herritarron esku dago hori posible egitea. Horregatik diogu: herritarron garaia da. Horretaz jabeturik, gizarteak ordezkaritza instituzional eta juridikoaren aurretik jarri behar du.
5.- Zilegitasun demokratikoa eraikitzeko tresna nagusia: Adostasuna. Adostasunaren balioa eta adosteko kulturaren beharra.
Erabakitzeko eskubidearen bidea erabiltzeak, ikusi dugunez, burujabetza prozesua herriaren ZILEGITASUN DEMOKRATIKOAN oinarritzea dakar. Eta horrek, ezinbestez, herritarren borondatea aintzat hartzea eta herritarren artean ADOSTASUNA eraikitzeko beharra dakar.
Legelariok ondo dakigunez, ADOSTASUNA da herritarren interesak kudeatzeko eta auziak bideratzeko tresnarik eraginkorrena. Ados egonik, posible da batera jotzea eta adostasuna lortu ezean, berriz, auziak korapilatu baino ez dira egiten eta irabazle eta galtzaileak azaltzen dira. Ez da alperrik esaten, bada, gaztelaniaz “tenga pleitos y los ganes”, edo euskaraz esanda, « epaiketak irabazi arren, saria kobratu ez ». Erabakitzeko eskubidearen inguruko lehen irakaspenak, beraz, adostasunaren balioa azpimarratzera garamatza.
Horrela bada, ezinbestez, gaur eta orain euskal lurraldeetan bizi garen herritarron arteko borondateak ehuntzen ikasi behar dugu, nork erabaki nahi duen eta prozesuaren ibilbidearen urratsak ADOSTEKO eta bidean aurkituko ditugun oztopo eta zailtasunei AURRE EGITEN behar bezala asmatzeko.
ADOSTASUNA lortzea da, hortaz, erabakitzeko eskubidea ERABILTZEA POSIBLE egingo duen tresna eta ibilbide osoan izango dugun tresnarik eraginkorrena, ERABAKITZEA ariketa NORMALA bihur dezagun.
6. – Nola lortu, ordea, ADOSTASUNA, XXI. mendean Euskal Herrian: Horra hor gakoa.
ELKARREKIN BIZI BAGARA eta GAUR ETA BIHAR ELKARREKIN BIZI BEHAR BADUGU, ERABAKI DEZAGUN ELKARREKIN, ETORKIZUN HOBEA, ZORIONTSUAGOA ETA LIBREAGO BATEN ALDE. Etorkizunak batzen gaitu. Hori da Gure Esku Dago ekimen herritarrean lan egiteko, adostasunak ehuntzeko, hartu dugun leloa.
Gure etorkizuna ez da soilik abertzaleen afera, gizarteko demokrata guztion afera eta erronka baizik.
Bestalde, etorkizuna hobeto bizitzearekin lotzen dugu gizakiok, horrek sortzen baitu ilusioa eta indarra lan egiteko eta gauzak hobetzeko.

Prozesu konplexua. Nolanahi ere, ez dut inor harrituko esaten badut Euskal Herriaren burujabetzaren auzia eta prozesua konplexua dela. Baina esperientziak dio prozesu konplexuek metodo egokia behar dutela, korapiloak eta konplexutasunak askatzen joateko.

Metodo egokia behar dugu gure etorkizunaren adostasunak eraikitzeko eta lortzen den unean uneko emaitza zilegi izan dadin, denok irabazle atera garela sentitzeko, modu batean edo bestean.

Erabil ditzagun nazioarteko estandarrak eta tresnak adostasunak eraikitze aldera; eska dezagun laguntza nazioarteko adituei …
Sor ditzagun topagune eta tresna egokiak elkarrekin bizi garenok elkarrekin erabaki dezagun. Nonbaiten partekatu behar ditugu bizi ditugun arazo komunak eta elkarrekin aztertu irtenbideak.
Euskal Herrian ez dugu apenas topagunerik euskal herritarrok, Euskal Herrian lan egiten dugun profesionalok, irakasleok, nekazariok… elkarrekin pentsatzeko eta gure ezaugarri komunak (hizkuntza, kultura, ekonomiaren garapena, azpiegiturak…) elkarrekin lantzeko; eta dauden gutxiak ez dira behar besteko gardenak eta zabalak. Beldurra dagoela dirudi euskal herritarrak elkarrekin lanean ikusteko.
Ildo honetan, asteazkenean berri on bat jaso genuen: “Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak, Euskadi-Akitania euroeskualdean unibertsitate campus bat sortzeko akordioa sinatu zutela Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak”. Sor ditzagun topagune eta tresna horiek gure arteko adostasunaren bidez, hori gure esku dago eta.
Euskal Herrian bizi garenon artean adosten asmatu behar dugu, eta horretarako landu ditzagun jarrerak gure artean adosten ikasteko. Emaitzak berehala ikusteko beharra eta grinak albo batera utzi behar ditugu. Inpazientzia gainditzen ikasi eta eztabaidarako prestatu, bakoitzak bere arrazoiak eskuartean hartuta.
Borondateak ehuntzeko zeregin horretan irakaspen polita eman diguzue Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osoari, Batera plataforman egiten ari zareten lanarekin eta Bake Bidean foroan adostea lortu dituzuen “Bake prozesua bultzatzeko gomendioekin”. Urtzi Urrutikoetxeak askotan azpimarratzen duenez, Iparraldean gauzatu da Gure Esku Dagoren filosofia beste inon baino hobeto, abertzaleak gutxiengoan dauden eremuak akordio transbertsal oso interesgarriak egin dira hainbat arlotan. Zuen esperientzia hori Euskal Herri osora zabaltzea interesgarria litzateke oso.
Lurraldez baino, pertsonez hitz egin dezagun: 3.000.000 biztanleen esparru humanora heldu nahi dugu: Lan egin dezagun Euskal Herrian lan eta bizi garen 3.000.000 pertsonen esparru humano horrek askatasunez erabaki dezan. Eta lan egin dezagun bakoitzak bere esparrutik, jakinda pertsona horien guztien sentsibilitateak askotarikoak direla (kulturalak, sozialak, politikoak ekonomikoak…), eta esparru bakoitzetik badela zer ekarri eta zer eman prozesua eraikitze eta kudeatze aldera.

Burujabetza prozesuaren bultzada partekatua: Kataluniako prozesuan bezala, gure kasuan ere litekeena da Espainiak eta Frantziak erraztasunik ez jartzea Euskal Herriko herritarren borondate burujabeei bide emateko. Ez dirudi ere Europar Batasunean asmorik ote dagoen zuzenean parte hartzeko gai honetan; beraz, bultzada Euskal Herritik etorri beharko du eta, Katalunian bezala, prozesua behar bezala gauzatzeko zilegitasun demokratikoa bi bidetik adierazten jakin beharko da: alderdi politikoek eta erakunde publikoek zilegitasun demokratikoa adierazteko dituzten tresnen bitartez eta herritarrok gure borondatea zuzenean adieraziz, prozesua sostengatuz eta behar denean bultzatuz, atzera pausorik gerta ez dadin. Horretarako, herritarrok aktibo jokatu eta ahaldundu behar dugu.
Bultzada bikoitz hori behar bezala uztartu beharko da, bakoitzak bere esparruan jokatuz eta behar diren sinergiak eta konplizitateak eraikiz.

Zilegitasun demokratiko berria herritarron esku dago. Prozesu konstituziogile batean sartuta gaude, edo behintzat, horren atari-atarian gaudela esan dezakegu. Hor ez dago dudarik, eta prozesu horretatik aterako den estatus politikoa zilegitasun demokratiko berri baten gainean eraikiko da.
Euskal lurraldeei eragingo dien estatus politikoaren inguruan ari dira eztabaida politikoak sortzen, bai Frantziako Estatuan, lurralde deszentralizazioa dela-eta, eta bai Espainiakoan konstituzioa berritzea dela eta. Baina, estatus berri hori herritarron nahian eta borondatean oinarritu beharko da, modu zuzenago edo zeharkako batean.

Adostasunez joka dezagun eskenatoki horretan, herri gisa. Ezar ditzagun gure artean zeintzuk diren une historiko honi eskatuko diogun gutxiengoa korapilo bakoitzari dagokionez eta horien inguruko asmo gorenak ere nola bideratu nahi ditugun.

Datozen urteotan, gure esku egongo da erabakitzea zer nolako harremanak nahi ditugun Espainia, Frantzia eta Europarekin, eta nola egituratu nahi ditugun euskal herritarrok gure arteko eta gure erakundeen arteko harremanak. Aukerak zabalak dira, baina garrantzitsuena da gure esku dagoela erabakitzea hori guztia elkarrekin erabaki nahi dugun ala ez, eta horretaz jabetzea oso garrantzitsua da, aktibo jartzen gaituelako etorkizunean zabaltzen ari zaizkigun aukeren aurrean. Trena ezin dugu pasatzen utzi, pasa ondoren alferrik izango da eta damutzea.

Bukatzen joateko, prozesua bideratzearen inguruan, azken ohar batzuk. Behin eta berriz azpimarratu dugunez, adostasunaren bidez bideratuko da prozesua. Baina berriro ere, NOLA lortu adostasuna da galdera.
Erabakitzeko eskubidearen prozesua diseinatzeko orduan, HERRI GISA JARDUTEKO HELDUTASUNA erakutsi behar dugu. Elkarrekin ditugun korapiloak behar bezala identifikatzen jakin eta elkarrekin askatzen badakigula erakutsi behar dugu. Estatuek egin lezaketen eskaintzen aurrean ere herri gisa agertu beharko dugu, gure eskakizunak, edozein direla eta, aintzat hartzea nahi badugu.
Eta berriro ere, garrantzia eman diezaiogun metodologiari eta jarrerei. Horretan asmatuz gero, bide erdia egina dugu.
Prozesuaren izaera dinamikoa onar dezagun: Gaur ezinezkoa dirudiena bihar posible izan daiteke.
Landu ditzagun jarrera eraikitzaileak eta positiboak eta desadostasunak onartzen eta kudeatzen ikas ditzagun.
Egin dezagun ekarpena norberak lantzen duen eta gustura dabilen esparrutik, izan kulturala, soziala, ekonomiakoa, politikoa, sindikala, genero berdintasunarena, ekologiakoa…
Korapiloez eztabaidatzeko esparru komunak sortu ditzagun.
Gizarteak prozesuan parte hartzeko eta korapiloez jabetzeko esparruak eta tresnak sor ditzagun.
Herritarrok ahaldun gaitezen, eta har dezagun aktiboki parte adostasun horiek eraikitzeko prozesuan.
Tresna egokiak sor ditzagun herritarren eta ordezkari politikoen arteko harremanak estutzeko eta prozesuaren ekimena partekatua izan dadin.
Ez diezaiogun aurretik muga jarri eztabaidari, ezta adostasunari ere. Bizi dugun prozesu konstituzio egile berriak XXI mendeko demokraziaren estandarren araberakoa izan dadin, 3.000.000 biztanlez osaturiko esparru humanoari baldintza demokratiko nahikoak eskaini behar dizkiogu, askatasunez, aukera guztien artean erabaki dezan, inolako aukera aurretik baztertu gabe.
Erabakitzeko eskubidea eta adostasuna etorkizunarekin lotu ditzagun eta hobeto bizitzeko proposamenekin.
Gaurkoz besterik ez, arratsaldeko saio honekin gozatuko zenutelakoan eta ni bezain beste ikasiko zenutelakoan, plazer handia izan da, bene-benetan, zuekin ariketa hau egitea. Eskerrik asko eta nahi duzuen artea.
GAUR ADOSTASUNA, BIHAR ERABAKIA
Baionan, 2014ko azaroaren 22an.

Laissez un commentaire